Saltatu edukira

Zure bihotzean al dago Jainkoaren Erreinua?

Zure bihotzean al dago Jainkoaren Erreinua?

Bibliaren erantzuna

 Ez. Jainkoaren Erreinua ez da kristauek bihotzean daramaten zerbait. a Bibliak Jainkoaren Erreinua «Zeruetako erregetza» dela esaten duenean, non dagoen azaltzen du (Mateo 3:2, oharra). Bibliak gobernu hau benetakoa dela eta zerutik agintzen ari dela adierazten du. Nola dakigu hau?

  •   Jainkoaren Erreinuak agintariak, hiritarrak eta legeak ditu, eta Jainkoaren nahia zeruan eta lurrean betetzeko eginkizuna du (Mateo 6:10; Apokalipsia 5:10).

  •   Jainkoaren gobernuak, edo Erreinuak, lurreko «herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendea» aginduko du (Daniel 7:13, 14). Gobernu hau ez da hiritarrek aukeratutakoa, Jainkoak baizik. Gainera, Jainkoak agintzeko autoritatea eman dio (2. Salmoa 4-6; Isaias 9:6 [9:7, NWT]).

  •   Jesusek bere apostolu leialei berarekin batera zeruko Erreinuaren parte izango zirela eta «tronuetan eseriko» zirela esan zien (Lukas 22:28, 30).

  •   Jainkoaren Erreinuak bere etsaiak suntsituko ditu (2. Salmoa 1, 2, 8, 9; 110. Salmoa 1, 2; 1 Korintoarrei 15:25, 26).

 Bibliak ez du irakasten zeruko Erreinua norberaren bihotzean dagoenik, hau da, pertsona baten bihotzaren bidez agintzen duenik. Horren ordez, «Erregetzaren mezua[k]» edo «Jainkoaren erregetzaren berri on[ak]» gure bihotzean eragina izan dezakeela eta izan beharko lukeela irakasten du (Mateo 13:19; 24:14).

Zer esan nahi du «Jainkoaren erresuma barnean duzue»?

 Pertsona batzuk Jainkoaren Erreinuaren kokapenarekin nahasturik daude, biblia-itzulpen batzuek Lukas 17:21 aipua itzuli duten moduagatik. Adibidez, biblia-itzulpen batek honakoa dio: «Jainkoaren erresuma barnean duzue» (Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, Joanes Leizarraga, euskara batura egokituta). Aipu hau ondo ulertzeko, testuingurua aztertzea beharrezkoa da.

Jainkoaren Erreinua ez zegoen Jesusen etsai egoskor eta gaiztoen bihotzean.

 Jesusek fariseuei esan zizkien hitz hauek. Fariseuak gorrotoaren gorrotoz Jesusen heriotzaren plangintzan parte hartu zuten erlijio-buruen talde bat zen (Mateo 12:14; Lukas 17:20). Zentzurik al du Jainkoaren Erreinua beraien bihotz egoskorretan zegoela pentsatzeak? Jesusek «barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak» zeudela esan zien (Mateo 23:27, 28).

 Beste biblia-itzulpen batzuek Jesusek Lukas 17:21⁠ean esandakoaren zentzua argitzen dute: «Jaungoikoaren erreinua zuen erdian dago» (Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta, etzanak gureak). «Jainkoaren erregetza zuen artean baitago» (Elizen Arteko Biblia, etzanak gureak). Zer esan nahi zuen zeruko Erreinua fariseuen «erdian» edo «artean» egoteak? Jesus, Jainkoak Errege izateko aukeratu zuena, han bertan beraiekin zegoela (Lukas 1:32, 33).

a Kristau-talde askok Jainkoaren Erreinua pertsona baten barnean edo bere bihotzean dagoela erakusten dute. Adibidez, Estatu Batuetako Hegoaldeko Bataiatzailearen Konbentzioaren arabera, Jainkoaren Erreinua neurri batean «pertsona baten bihotzean eta bere bizitzan dagoen Jainkoaren erresuma da». Era berean, Benedikto XVI.a Aita Santuak honakoa idatzi zuen Jesusi buruzko liburuan: «Jainkoaren Erreinua entzuten duen bihotzaren bidez dator» (Jesus of Nazareth, Itz.: Adrian J. Walker).