Saltatu edukira

Nor da Mikel goiaingerua?

Nor da Mikel goiaingerua?

Bibliaren erantzuna

 Mikel edo Mikael Jesusi ematen zaion beste izen bat da. Honela deitzen zaio, bai lurrean bizi aurretik, baita zerura itzuli ondoren ere. a Beste erlijio batzuetan «San Mikel» edo «Done Mikel» izenarekin ere ezagutzen dute. Biblian, Mikel Satanasekin eztabaidan agertzen da Moises hil ondoren (Judas 9). Beste batean, aingeru bati lagundu zion Jainkoaren mezua Daniel profetari eramaten (Daniel 10:13, 20-21). Mikelek Jehobaren agintea defendatzen du eta Jainkoaren etsaien aurka borrokatzen du. Horregatik merezi du izen hau izatea, hurrengoa esan nahi baitu: «Nor da Jainkoa bezalakoa?» (Daniel 12:1; Apokalipsia 12:7).

 Zer arrazoi ditugu Jesus Mikel goiaingerua dela pentsatzeko?

  •   Mikel «goiaingerua» da (Judas 9). «Goiaingeru» tituluak «aingeruen buruzagi» esan nahi du. Titulu hau bi aldiz bakarrik aipatzen da Biblian eta bi kasuetan singularrez agertzen da. Honek aingeru bakarrari dagokiola esan nahi du. Horietako bertset batean honakoa dio berpiztutako Jesusi buruz: «Goiangeruaren ahotsez eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emanik, Jauna [Jesus] bera jaitsiko baita zerutik» (1 Tesalonikarrei 4:16). Jesusek goiaingeruaren ahotsa duenez, Jesus Mikel goiaingerua izan behar da.

  •   Mikel zeruko gudarostearen buru da. «Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka», hau da, Satanasen aurka, borrokatu ziren (Apokalipsia 12:7). Mikelek autoritate handia du zeruan, Bibliak «aingeru nagusietako bat» eta «aingeruen buruzagia» dela esaten duelako (Daniel 10:13, 20-21; 12:1). Itun Berrian aditua den David E. Aune-ren arabera, titulu hauek Mikel «zeruko gudarostearen komandanteburua» dela esan nahi dute.

     Bibliako beste pasarte batzuetan ere zeruko gudarostearen buru den norbaiti buruz hitz egiten da eta beste izen bat ematen zaio. Horietako pasarte batean honakoa dio: «Hala gertatuko da Jesus Jauna bere aingeru ahaltsuekin zerutik agertuko denean; sugarrez inguraturik agertuko da» (2 Tesalonikarrei 1:7, 8; Mateo 16:27). Bibliako beste pasarte batek ere honakoa dio Jesusi buruz: «Zerura igo ondoren, Jainkoaren eskuinaldean dago eta menpean ditu aingeru, aginte eta indarrak» (1 Pedro 3:21, 22). Ez luke zentzurik izango Jainkoak bi buruzagi, Jesus eta Mikel, aingeruen buru izendatzeak. Hala izango balitz, Jesus eta Mikel lehian ibiliko lirateke. Beraz, logikoagoa da Jesus eta Mikel pertsona bera direla ondorioztatzea.

  •   Mikel «zutituko da» inoiz ez bezalako «larritasun-garaian» (Daniel 12:1NWT). Danielen liburuan, «zutitu» terminoa, askotan, errege bat garrantzitsua den zerbait egitera doala adierazteko erabiltzen da (Daniel 11:2-4, 21NWT). Jainkoaren Hitzak, hau da, Jesu Kristok, «erregeen Errege» izanik, Jainkoaren etsaiak suntsituko ditu eta Jainkoaren herria babestuko du (Apokalipsia 19:11-16). Hau, «munduaren hasieratik orain arte izan ez den eta izango ez den bezalako larrialdi handia» gertatzean burutuko du (Mateo 24:21, 42).

a Biblian pertsona batzuek izen bat baino gehiago dute. Adibidez, Jakobi Israel deitzen zaio, Pedrori Simon eta Tadeori Judas (Hasiera 49:1, 2; Mateo 10:2, 3; Markos 3:18; Eginak 1:13).