Saltatu edukira

Jehobaren lekukoek Lviv-etik gertu dagoen baso bat garbitzen laguntzen dute

Jehobaren lekukoek Lviv-etik gertu dagoen baso bat garbitzen laguntzen dute

2017ko maiatzaren 6an, 130 bat Jehobaren lekukok Lviv-etik (Ukraina) gertu dagoen Bryukhovychi basoa garbitzen lagundu zuten. Bolondresak, 22 eta 80 urte bitartekoak, baso honetatik gertu dagoen Jehobaren lekukoen Ukrainako sukurtsalean bizi dira eta bertan egiten dute lan. 50 hektareako gunea garbitu zuten eta 600 bat kilogramo hondakin jaso zituzten hiru ordutan.

Mykhailo Splavinskyik, Lviv-eko basoberritze guneko ingeniari nagusi batek, honakoa dio: «Jehobaren lekukoak lehenengoak izan ziren urtero egiten den basoaren garbiketan laguntzen eta horrela jarraitu dute 2014tik aurrera».

Zergatik garbitu behar zen basoa?

«Bi modutan amaitzen du zaborrak basoan» dio Splavinskyik. «Alde batetik, jendeak zaborra bertan uzten du. Bestetik, eraikuntzako hondakinak eta beste hondakin batzuk kamioietan basora eraman eta bertan uzten dira».

Zaborra arazo larria da basoarentzat. «Deskonposatzeko denbora asko behar du zaborrak» dio Splavinskyik. Ondorioz, honek «lur azpiko ura kutsatzen du, arazo ekologikoak sortuz». Botatzen den beirak eguzki izpiak handiagotu eta biziagotu egin ditzake, suteak sortaraziz. Gainera, hautsitako beirak eta botatzen diren xiringak arriskutsuak dira, bereziki haurrentzat. «Arazo hauek saihestu daitezke zaborra kentzen denean» dio berak.

3.300 hektareako baso bat garbitzea erronka handia da. «Bost basozain besterik ez ditugu estatuan» jarraitzen du. «Beraz, ezinezkoa da hain leku zabala garbitzea. Horregatik, urtean behin jendea gonbidatzen dugu basoa garbitzen laguntzeko».

Zaborra biltzea, bereiztea eta eramatea

Eskularruak, plastikozko poltsak eta eskuareak hartuta, Jehobaren lekuko bolondresek botilak, kotxeetako pneumatikoak, kristalak, metalak, paperak, plastikoak eta erabilitako xiringak jasotzen dituzte. Ondorioz, herrialdean basozain gisa lan egiten duen Ihor Fedakek dio: «Jehobaren lekukoek zaintzen duten gunea oso garbi dago».

Nahiz eta legeak ez eskatu, bolondresek kristalak, paperak eta plastikoak multzo ezberdinetan bereizten dituzte. Horrela, birziklatu egiten dute. Orduan, bertako zabor-biltze enpresa batek hondakinak eramaten ditu. 2016. urtetik Lekukoek ordaintzen dute beraiek jasotako zaborrak eramateak sortzen duen gastua. «Jehobaren lekukoei eskerrak ematen dizkiet beraien laguntzagatik» dio Fedakek. «Asko laguntzen digute».

«Garbitzeak ez du nire duintasuna zapaltzen»

Lekukoek urtero egiten den basoaren garbiketan parte hartzeaz gozatzen dute. Komunitatearen eta basoaren ongizatean lagundu nahi dute. Beraien ohiko ikuspuntua azaltzen du Volkerrek: «Garbitzeak ez du nire duintasuna zapaltzen. Besteen alde zerbait egitea ohore bat da eta poza ematen dit».

Anzhelikak honakoa gaineratzen du: «Nire ustez, gakoa ez da nork uzten duen zaborra lurrean, hau kentzeko zer egin dezakedan baizik». 78 urte dituen Loisek ere parte hartu zuen kanpainan. Berak dio: «Paseatzera joatean ikusten dugun zaborragatik minduta sentitu ordez, hobe da hau jaso eta botatzea».

«Jendeak normalean dotore jantzita eta gorbatarekin ikusten gaitu, gure sinesmena partekatzeko prest» dio Wieslawk. «Baina basoa garbitu edota jendearen alde beste edozein lan gogor egiteko ere prest gaude».