Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Profezia baten lekuko isila

Profezia baten lekuko isila

ERROMAKO ERDIGUNEAN, ITALIAN, MUNDU OSOKO BISITARIAK ERAKARTZEN DITUEN ARKU BAT DAGO. ARKU HORI ERROMATAR ENPERADORE MAITEENETAKO BATEN OHOREZ ERAIKIA IZAN ZEN: TITO.

Titoren arkuko bi erliebetan gertakari historiko ezagun bat agertzen da. Hala ere, oso jende gutxik daki zein den arkuaren eta Bibliaren arteko harreman txundigarria. Izan ere, Titoren arkua Biblia profezien zehaztasun nabarmenaren lekuko isila da.

KONDENATUTAKO HIRIA

Kristo ondorengo 30. urterako, Erromatar Inperioa Britainia eta Galiatik (Frantzia) Egiptoraino zabaltzen zen. Inperioko lurralde guztiek inoiz ez bezalako egonkortasun eta oparotasunaz gozatzen zuten. Hala ere, bazegoen erromarentzat buruhauste handia zen urruneko lurralde bat: Judeako probintzia errebeldea.

Antzinako Erromari buruzko entziklopedia batek honakoa dio: «Inperioko lurralde gutxitan zegoen Judeako giro txarra. Izan ere, gobernari eta biztanleek ezin zuten elkar ikusi. Alde batetik, juduak haserre zeuden euren gobernariak atzerritarrak zirelako eta ez zituztelako euren tradizioak errespetatzen. Eta bestetik, erromatarrak ez zeuden juduen burugogorkeria jasateko prest» (Encyclopedia of Ancient Rome). Judu asko erromatarren kateetatik askatuko zituen lider politiko bat itxaroten ari ziren. Lider horri esker, Israelen antzinako aintza berreskuratzea espero zuten juduek. Baina 33. urtean, Jesu Kristok Jerusalem suntsitua izango zela adierazi zuen.

Jesusek honakoa esan zuen: «Etorriko zaizu, bai, garaia, zeure etsaiek lubakiz [“zorroztutako hesolaz”, NWT] inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia; erraustu egingo zaituztete zeu eta zeure bizilagunak, eta ez dizute harririk harri gainean utziko» (Lukas 19:43, 44).

Dudarik gabe Jesusek esandakoak bere jarraitzaileak nahastu egingo zituen. Bi egun beranduago, Jerusalemgo tenpluari begira, hauetako batek esan zuen: «Maisu, begira nolako harriak eta nolako eraikinak!». Ez zitzaion arrazoirik falta! Izan ere, dirudienez, tenpluko harri batzuek 11 metroko luzera, 5 metroko zabalera eta 3 metroko altuera zuten. Hala ere, Jesusek erantzun zion: «Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute» (Markos 13:1; Lukas 21:6).

Gero, Jesusek ondorengoa esan zuen: «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenak bihoaz urruti, eta soroan direnak ez bitez hirian sar» (Lukas 21:20, 21). Bete al ziren Jesusen hitzak?

HIRI BATEN SUNTSIPENA

33 urte pasa ondoren, juduek hainbeste gorroto zuten Erromatar Inperioaren menpe egoten jarraitzen zuten. Baina 66. urtean, Gesio Florok, Judeako erromatar prokuradoreak, tenpluko altxortegi sakratutik dirua lapurtu zuenean, juduek ezin izan zuten egoera gehiago jasan. Laster, judu errebeldeak Jerusalemen sartu, erromatar soldaduak hil eta independentzia aldarrikatu zuten.

Hiru bat hilabete beranduago, 30.000 soldadu erromatar baino gehiago, Cestio Galo buru zutela, Jerusalemera abiatu ziren matxinadarekin amaitzeko. Erromatarrak segituan hirian sartu eta tenpluaren eremuko kanpoko horma kaltetu zuten. Baina orduan, itxuran arrazoirik gabe, joan egin ziren. Pozaren pozez, judu errebeldeak soldaduen atzetik atera ziren. Hirian soldadurik eta errebelderik gabe, kristauek Jesusen agindua jarraitu ahal izan zuten eta mendietara ihes egin zuten, Jordan ibaiaren beste aldera (Mateo 24:15, 16).

Hurrengo urtean, Erromak berriro hasi zuen Judearen aurkako kanpaina militarra, oraingo honetan, Vespasiano jenerala eta bere seme Tito buru zituela. Baina, Neron enperadorea 68. urtean hil eta berehala, Vespasiano Erromara itzuli zen enperadore izateko. Beraz, Judearen aurkako kanpaina Titoren eta bere 60.000 soldaduen esku geratu zen.

70. urteko ekainean, Titok Judeako zuhaitzak mozteko agindu zien bere soldaduei. Horiekin zorroztutako hesolak egin zituzten eta 7 kilometroko luzera zuen hesi bat eraiki zuten Jerusalem inguruan. Irailerako, erromatarrek hiria eta tenplua hustu eta erre zituzten. Jesusek aurresan zuen bezala, ez zuten «harririk harri gainean utzi» (Lukas 19:43, 44). Kalkulu baten arabera, «250.000 eta 500.000 pertsona artean hil ziren Jerusalem eta herrialde osoan».

INPERIOAREN GARAIPENA

71. urtean, Tito Italiara itzuli eta Erromako hiritarrek ongietorri sutsua egin zioten. Hiri osoak Erroman inoiz egondako garaipen desfile handienetako bat ospatu zuen.

Jendea liluratuta zegoen Erromako kaleetatik altxor zoragarriak pasatzen ikustean: juduen txalupak, gerrako eszenak erakusten zituzten karroza izugarriak eta Jerusalemgo tenplutik lapurtutako objektuak.

79. urtean, Vespasianoren heriotzaren ondoren, Tito enperadore bihurtu zen. Baina, bi urte ondoren, bat-batean hil zen. Orduan, bere anaia Domiziano enperadore bihurtu zen eta, handik gutxira, garaipen arku bat eraiki zuen Titoren omenez.

ARKUA GAUR EGUN

Titoren arkua Erroman gaur egun

Gaur egun, Titoren arkuak miresmen handia sortzen du Erromako foroa bisitatzen duten milaka turistengan. Batzuentzat artelan txundigarria da; beste batzuentzat Erromatar Inperioaren botereari eginiko omenaldi bat; eta beste batzuentzat, aldiz, Jerusalem eta bere tenpluaren suntsipenaren oroigarri bat.

Hala ere, Biblia arretaz ikertzen dutenentzat, Titoren arkuak esanahi berezia du. Izan ere, Bibliako profeziak zehatzak, fidagarriak eta Jainkoak inspiratuak direla erakusten duen lekuko isila da (2 Pedro 1:19-21).