Saltatu edukira

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Biblian ez denez brindatzeari buruz hitz egiten, zergatik ez dute Jehobaren lekukoek egiten?

Ardo kopa batekin edo beste edari alkoholiko batekin topa egin, edo brindatzea, oso zabaldua den antzinako ohitura bat da. Hau egiteko modua leku batetik bestera aldatu daiteke. Batzuetan, kopak elkarrekin ukitzen dira eta brindisa egiten duenak norbaiti zoriontasuna, osasun ona, denbora luzez bizitzea edo antzekoa opa dio. Besteek ahots ozenez ados daudela adierazten dute edo beraien kopak zerurantz zuzentzen dituzte eta ardo pixka bat edaten dute. Jende askok topa egitea minik egiten ez duen ohitura bat dela edo edukazio ona erakusteko modu bat dela uste du. Baina, Jehobaren lekukoek honetan parte ez hartzeko arrazoi onak dituzte.

Honek ez du esan nahi kristauek besteak zoriontsuak izatea edo osasuntsu egotea nahi ez dutenik. Izan ere, lehen mendeko zuzendari batzordeak honela amaitu zuen kongregazioetara zuzendutako gutun bat: «Ondo izan», «osasun ona izan» edo «agur, ongi bizi» (Eginak 15:29, Biblia, José Antonio Uriarte). Bestalde, Jainkoaren zerbitzari leial batzuek euren erregeari hurrengoa esan zioten: «Gora beti […], ene jauna» eta «bizi bedi erregea» (1 Erregeak 1:31; Nehemias 2:3).

Baina, zein da topa egitearen jatorria? 1968⁠ko urtarrilaren 1⁠eko La Atalaya-k hurrengo aipamena egin zuen entziklopedia batetik: «Bizien “osasunerako” edatearen ohitura, ziurrenik jainkoen eta hildakoen alde edatearen antzinako erritu erlijiosotik dator. Grekoek eta erromatarrek libazioak [ardoa edo likoreak] isurtzen zituzten otorduetan euren jainkoen alde, eta bankete zeremonialetan hauen eta hildakoen alde topa egiten zuten». Entziklopediak hurrengoa gehitu zuen: «Bizien osasunerako brindatzeak oso lotuta egon behar izan du sakrifizio moduan edatearen ohitura hauekin» (The Encyclopædia Britannica, 1910, 13. libk., 121. or.).

Zaharkituta gelditu al da ideia hau? Kultura desberdinetan alkoholaren erabilerari buruz hitz egiten duen liburu batek hurrengoa dio: «[Brindisa] antzinako libazio sakrifizialetatik datorren gizartean geratutako arrastoa da ziurrenik. Hauetan likido sakratu bat eskaintzen zen jainkoei: odola edo ardoa desira baten truke, “luze bizi bedi” hitzekin laburbildutako otoitz baten truke edo “zure osasunerako” hitzen truke» (International Handbook on Alcohol and Culture, 1995, Dwight B. Heath).

Onartu beharra dago antzinako erlijio faltsuarekin zerikusia duten objektu eta ohitura batzuek ez dutela txarrak izan beharrik. Hala da, adibidez, granadaren kasuan. Ezaguna den Biblia entziklopedia batek hurrengoa dio: «Badirudi erlijio paganoetan granada ere sinbolo sakratutzat erabili zela». Hala ere, Jainkoak apaiz nagusiaren jantziaren azpialdeko ertzean granadak josteko agindu zuen. Diseinu bera erabili zen Salomonen tenpluko brontzezko zutabeak apaintzeko (Irteera 28:33; 2 Erregeak 25:17). Are gehiago, itxura denez garai batean, ezkontza-eraztunek ere esanahi erlijiosoa zuten. Baina, gaur egun, jendeak hau ez daki eta eraztuna bikote bat ezkonduta dagoen adierazgarri bezala hartzen du besterik gabe.

Zer dio Bibliak jainko faltsuak adoratzeko ardoaren erabilerari buruz? Adibidez, behin, Sikem-go Baalen adoratzaileak «beren jainkoen jauretxean sartu eta jan-edanean ari izan ziren, Abimelek [Gedeonen semea] madarikatuz» (Epaileak 9:22-28). Uste al duzu Jehobaren zerbitzari leial batek beraiekin edango lukeela eta jainko faltsu bati Abimelek zigortzeko eskatuko liokeela? Israeldar asko Jehobaren aurka altxatu ziren garaiari buruz hitz egitean, Amosek hurrengoa esan zuen: «Etzuten [etzaten] dira, edozein altara-inguruan, eta diru-zigorrez batutako ardao edaten dabe euren jaungoikoaren etxean» (Amos 2:8, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta). Parte hartuko al luke horretan egiazko adoratzaile batek, kontuan hartuta ardo hura jainko faltsuei eskaintzen zietela edo egoera horietan edaten zutela? (Jeremias 7:18). Altxatuko al luke Jehobaren adoratzaile batek ardo kopa bat jainkoren bati norbaiten alde jokatu dezan eskatzeko edo norbaiten etorkizuna bedeinkatzeko?

Interesgarria da jakitea Jehobaren zerbitzariek batzuetan eskuak zerurantz zabalduz gauza onak gertatzeko eskatzen zutela. Baina egiazko Jainkoari zabaltzen zizkioten eskuak zerura. Bibliak dio: «Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, […] eskuak zerurantz zabalik, otoitza egin zuen: “Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik […]. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu”» (1 Erregeak 8:22, 23, 30). Esdrasen garaian, antzeko zerbait gertatu zen: «Jauna, Jainko handia, goretsi zuen Esdrasek, eta herriak “Amen! Amen!” erantzun zuen, eskuak jasorik; ondoren, makurtu eta lurreraino ahuspeztu ziren Jauna gurtzeko» (Nehemias 8:6; 1 Timoteori 2:8). Argi dago zerbitzari leial hauek ez zituztela euren eskuak zerurantz zabaldu zorte onaren jainkoren bati bedeinkazioa eskatzeko (Isaias 65:11).

Gaur egun, topa egiten duten askok ez dute uste jainkoren baten bedeinkapena eskatzeko egiten dutenik. Baina, bestalde, ezin dute azaldu zergatik altxatzen dituzten kopak zerurantz. Dena dela, pertsonek horretan pentsatu ez izanak ez du esan nahi egiazko kristauok beraiek imitatzera behartuta sentitu behar garenik.

Beste egoera batzuetan ere, Jehobaren lekukoek ez dituzte jendearentzat ohikoak diren jesturik egiten. Adibidez, pertsona askok bandera agurtzen dutenean edo beste jestu patriotikoren bat egiten dutenean, ez dira konturatzen hauek adorazio mota bat direnik. Egiazko kristauek ez dituzte ekintza hauek oztopatzen, baina ez dute hauetan parte hartzen. Horrelako egoera baten erdian badaude, diskrezioz jokatzen dute inor ez ofenditzeko, baina jestu nazionalistarik ez egitea erabakitzen dute hau Bibliaren aurka doalako (Irteera 20:4, 5; 1 Joan 5:21). Gaur egun, topa egitea ez da zerbait erlijiosoa bezala ikusten. Baina, kristauek hori ez egiteko arrazoi onak daude. Jatorri erlijiosoa du eta, gaur egun ere, zeruari edo naturaz gaineko indar bati bedeinkapena eskatuko bagenio bezala ikusi daiteke (Irteera 23:2).