Lukas 14:1-35

  • Hidropesia zuen gizon bat Larunbatez sendatu (1-6)

  • Gonbidatu apala izan (7-11)

  • Bueltan gonbidatu ezin dutenak, gonbidatu (12-14)

  • Aitzakiak jarri zituzten gonbidatuen parabola (15-24)

  • Dizipulua izatearen kostua (25-33)

  • Indarra galtzen duen gatza (34, 35)

14  Beste batean, Larunbatez, fariseuen buruzagietako baten etxera joan zen jatera, eta han zeudenek ez zioten begirik kentzen.  Eta hara non, hidropesia* zuen gizon bat zegoen bere aurrean.  Jesusek, orduan, legean adituak zirenei eta fariseuei galdetu zien: «Baimenduta al dago Larunbatez inor sendatzea, bai ala ez?».  Baina isil-isilik geratu ziren. Orduan, Jesusek gizona ukitu, sendatu eta bidali egin zuen.  Ondoren, esan zien: «Semea edo zezena putzu batera erortzen bazaizue, zuetako nork ez du segituan handik ateratzen Larunbata izan arren?».  Eta ezin izan zioten erantzun.  Gero, gonbidatuak toki inportanteenak aukeratzen ari zirela konturatu zenean, Jesusek honako* hau esan zien:  «Norbaitek ezkontza batera gonbidatzen bazaitu, ez eseri tokirik inportanteenetan. Agian, zu baino garrantzitsuagoa den norbait gonbidatu dute ere.  Orduan, biok gonbidatu zaituzten gizona etorri eta esango dizu: “Utzi gizon honi zure tokia”. Eta, lotsa-lotsa eginda, azkeneko tokira joan beharko zara. 10  Horregatik, gonbidatzen zaituztenean, zoaz eta eseri azkenengo tokian. Horrela, gonbidatu zaituen gizona etortzean, esango dizu: “Lagun, eseri toki inportanteago batean”. Eta beste gonbidatu guztiek errespetatuko zaituzte. 11  Zeren bere burua goratzen duena apaldua izango baita, eta bere burua apaltzen duena goratua». 12  Ondoren, Jesusek, bera gonbidatu zuen gizonari esan zion: «Bazkari edo afari bat egitean, ez gonbidatu zure lagunak, anaiak, familiakideak edo bizilagun aberatsak. Bestela, agian, beraiek ere bueltan gonbidatuko zaituzte, eta hori izango litzateke zure ordaina. 13  Horren ordez, bankete bat egitean, gonbidatu pobreak, elbarriak, herrenak eta itsuak, 14  eta zoriontsua izango zara, ez dutelako zuri trukean emateko ezer. Justuen berpizkundean jasoko duzu ordaina». 15  Hori entzutean, gonbidatuetako batek esan zion: «Zoriontsua Jainkoaren Erreinuan jaten duena». 16  Jesusek esan zion: «Gizon batek afari handi bat antolatu eta jende asko gonbidatu zuen. 17  Afalorduan, bere morroia bidali zuen gonbidatuei esatera: “Etorri, dena prest dago eta”. 18  Baina guztiak aitzakiak jartzen hasi ziren. Lehenengoak esan zion: “Soro bat erosi dut eta ikustera joan beharrean nago. Sentitzen dut, baina ezin naiz joan”. 19  Beste batek esan zuen: “Bost idi pare* erosi ditut eta probatzera joan behar dut. Sentitzen dut, baina ezin naiz joan”. 20  Beste batek ere esan zuen: “Ezkondu berria naiz eta, horregatik, ezin naiz joan”. 21  Beraz, morroia itzuli eta nagusiari guztia kontatu zion. Orduan, etxeko nagusia haserretu eta morroiari esan zion: “Zoaz azkar hiriko kale nagusietara eta kale txikietara, eta ekarri hona pobre, elbarri, itsu eta herrenak”. 22  Beranduago, morroiak esan zuen: “Nagusi, agindutakoa egin dut, eta oraindik tokia dago”. 23  Beraz, nagusiak morroiari esan zion: “Zoaz bide eta bidexketara, eta behartu jendea sartzera, horrela nire etxea betetzeko. 24  Zeren nik esaten dizuet: gonbidatua izan zen gizon bakar batek ere ez du nire afaria dastatuko”». 25  Jendetza handi batek bidaiatzen zuen Jesusekin eta, beraiengana zuzenduz, esan zien: 26  «Norbait niregana etorri eta bere aita, ama, emaztea, seme-alabak, anai-arrebak, baita bere bizia ere gorrotatzen* ez baditu, ezin da nire dizipulua izan. 27  Bere tortura zutoina* hartu eta niri jarraitzen ez didana, ezin da nire dizipulua izan. 28  Adibidez, zuetako norbaitek dorre bat eraiki nahi badu, ez al da lehenengo gastuen kontuak ateratzeko esertzen, dorrea bukatzeko nahikoa ba ote duen ikusteko? 29  Bestela, zimenduak eraikiko ditu, baina, agian, ezin izango du bukatu, eta ikusten duten guztiek barre egingo diote, 30  esanez: “Gizon hau eraikitzen hasi da, baina ezin izan du bukatu”. 31  Edo errege batek, 10.000 soldadurekin, 20.000 dituen beste baten aurka gerra egin nahi badu, lehenengo eseri eta irabazi ahal izango duen ikusteko aholkua eskatuko du, ezta? 32  Eta ezingo duela ikusten badu, beste erregea oraindik urruti dagoen bitartean, enbaxadore talde bat bidaliko du bakea eskatzera. 33  Era berean, ziur egon zuetako inor ezin dela nire dizipulu izan bere ondasun guztiei agur esaten* ez badie. 34  «Dudarik gabe, gatza gauza ona da; baina gatzak bere indarra galtzen badu, zerekin gazituko da berriro? 35  Ez du, ez lurrerako, ezta ximaurretarako ere balio. Horregatik, jendeak bota egiten du. Entzuteko belarriak dituenak adi-adi entzun dezala».

Oharra

Edo «edema bat». Gorputzean ezohiko likido pilaketa.
Lit. «parabola».
Edo «uztarri».
Edo «gutxiago maitatzen».
Edo «uko egiten».