Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Planeta bizia

Planeta bizia

Halabeharrez eta aldi berean izandako gertakari multzoak gertatu ez balira, Lurrean ez zen bizitzarik izango. Gertakari horietako batzuk, XX. mendera arte ezezagunak ziren edota ez ziren ondo ulertu. Hauen artean honakoak daude:

  • Lurraren kokapena Esne Bidea galaxian eta Eguzki-sisteman, baita bere orbita, inklinazioa, errotazio-abiadura eta ezohikoa den ilargia ere.

  • Eremu magnetikoa eta atmosfera, Lurrean babeski bikoitza sortzen dutenak.

  • Naturaren zikloak, Lurraren aire eta ur erreserbak hornitzen eta garbitzen dituztenak.

Gai hauetariko bakoitza aztertzen duzun heinean, galdegiozu zeure buruari: «Kasualitate hutsaren ondorio izan ote dira Lurraren ezaugarriak? Edo helburu jakin bat duten diseinuak ote dira?».

Lurraren «helbide» ezin hobea

Lurrean bizitza egoteko, egon al liteke hau kokaleku hobean?

Zure helbidea idazten duzunean, zer jartzen duzu? Bizi zaren estatua, herria eta kalea, ezta? Era berean, deitu diezaiogun Esne Bideari Lurraren «estatua»; eguzki-sistemari, hau da, Eguzkia eta bere planetei, Lurraren «herria»; eta Lurrak Eguzki-sisteman egiten duen orbitari, berriz, Lurraren «kalea». Astronomia eta fisikan egin diren aurrerakuntzei esker, zientzialariek ulermen sakonagoa dute Unibertsoan dugun kokapen bereziak dituen abantailei buruz.

Lehenik eta behin, gure «herri» edo Eguzki-sistema, Esne Bideko toki aproposean dago kokatua, erdigunetik ez oso gertu ezta oso urruti ere. Zientzialariek «bizitzeko egokia» deitzen diote kokaleku honi. Izan ere, elementu kimikoen kontzentrazio aproposa du bizia egon dadin. Urrunago, elementu hauek eskasegiak dira; gertuxeago, berriz, zonalde arriskutsuegia da erradiazio hilgarriak eta beste faktore batzuk direla eta. Scientific American aldizkariak «tokirik bikainenean bizi garela» dio.1

«Kalerik» egokiena: Lurraren «kalea» edo Lurrak Eguzki-sisteman egiten duen orbita ere bikaina da. Eguzkitik 150 milioi bat kilometrotara dagoen orbita hau, bizitzarako egokia da. Izan ere, organismoak ez dira ez izozten ezta kiskaltzen ere. Honetaz gain, Lurrak egiten duen ibilbidea ia zirkularra denez, urte osoan zehar Eguzkiarekiko duen distantzia berdintsu mantentzen du.

Eguzkia, bestalde, primerako «energia zentrala» da: egonkorra, tamainaz egokia eta energia kopuru aproposa igortzen du. Ez da harritzekoa, hortaz, Eguzkiari «izar oso berezia» deitzea.2

«Bizilagunik» bikainena: Lurrarentzako «bizilaguna» aukeratu beharko bagenu, Ilargia baino hoberik ez legoke. Bere diametroa Lurraren laurdena baino handixeagoa da. Hala ere, gure Eguzki-sistemako beste ilargien aldean, gure Ilargia ohikoa dena baino handiagoa da orbitatzen duen planetarekin konparatuta. Halabeharrez ote da? Nekez gerta liteke.

Izan ere, Ilargia itsasaldien eragile nagusia da eta hauek ezinbestekoak dira Lurraren ekologiarentzat. Gainera, Ilargiak Lurraren errotazio ardatzaren egonkortasunean ere laguntzen du. Neurrira egindako Ilargi hau faltako bagenu, gure planeta balantzaka ibiliko litzateke ziba baten antzera, agian buruz behera ipiniz eta alde baten gainean biratuz. Honen ondorioz, aldaketa izugarriak gertatuko lirateke kliman eta itsasaldietan, besteak beste.

Lurraren inklinazio eta errotazio paregabeak: Lurraren 23.4 graduko inklinazioak urtaroak sortzen ditu, tenperatura leuntzen du eta klima eremu aukera zabala izatea egiten du posible. «Gure planetaren inklinazioa “aproposena” da bizia izateko» dio Unibertsoko bizitza konplexuari buruzko liburu batek.3

Honekin batera, Lurraren errotazioari esker, egunen eta gauen iraupena «aproposena» da. Errotazioaren abiadura apur bat motelagoa izango balitz, egunak luzeagoak izango lirateke, Eguzkiak jotzen duen Lur-eremua kiskaliz; beste eremua, berriz, izoztu egingo litzateke. Bestalde, Lurraren errotazioa azkartuko balitz, egunak motzagoak izango lirateke, agian ordu batzuk iraunez. Gainera, etengabeko urakan haizeak eta beste eragin kaltegarri batzuk ere sortuko lirateke.

Lurraren babeskiak

Espazioa leku arriskutsua da, erradiazio hilgarria izan ohi baita eta meteoroideak etengabeko arriskua baitira. Hala eta guztiz ere, gure planeta urdina ia kalterik jasan gabe dabil «tiro-eremu» honetan. Zergatik? Lurra armadura harrigarri batek babesten duelako: eremu magnetiko indartsua eta neurrira egindako atmosfera.

Lurraren babeski magnetiko ikusezina

Lurraren eremu magnetikoa: Lurraren erdigunea burdin-urtuz osaturiko esfera birakaria da. Honek gure planetak espazioan zehar hedatzen den eremu magnetiko handi eta indartsua izatea eragiten du. Babeski honek erradiazio kosmikoak bete-betean jotzetik eta Eguzkiak askatzen dituen indar hilgarrietatik babesten gaitu. Azken horien artean, honako hauek daude: eguzki-haizea, hau da, energia partikulen etengabeko jarioa; eguzki-erupzioak, minutu batzuen buruan mila milioika hidrogeno-bonbek bezainbeste energia sortzen dutenak; eta kanpoaldeko zonaldean edo eguzki-koroan gertatzen diren leherketak, espaziora mila milioika tona materia jaurtitzen dituztenak. Zuk zeuk ikusi ditzakezu Lurraren eremu magnetikoaren babesaren frogak. Eguzki-koroan sortzen diren erupzio eta leherketek aurora polar biziak sortzen dituzte. Aurora polarrak, Lurraren polo magnetikoetatik hurbil, goi-atmosferan, gertatzen diren kolorez beteriko argizko fenomeno ikusgarriak dira.

Aurora boreala

Lurraren atmosfera: Gasez osaturiko estalki honi esker arnasa hartu dezakegu. Honetaz gain, babesa ere ematen digu. Atmosferaren goialdeko geruzan, hau da, estratosferan, oxigenoaren forma bat dago, ozonoa. Ozonoak erradiazio ultramorearen %99⁠a xurgatzen du. Honela, ozono geruzak erradiazio arriskutsutik babesten ditu bizi forma ugari, hauen artean, gizakiok eta oxigenoa sortzeko ezinbestekoa dugun planktona. Estratosferako ozonoaren kopurua ez da finkoa, handitu egiten baita erradiazio ultramorearen intentsitatea ere handitzen den heinean. Beraz, ozono geruza babeski dinamiko eta eraginkorra da.

Atmosferak meteoroetatik babesten gaitu

Atmosferak espaziotik datozen milioika objektuen eguneroko bonbardaketatik babesten gaitu, partikula txikienetatik harkaitz izugarrienetaraino. Hauetariko gehiengoak atmosferan su hartzen du, meteoro deituriko argi-distira bilakatuz. Hala ere, Lurraren babeskiek ez dute bizitzarako beharrezkoa den erradiazioa oztopatzen, esaterako, beroa eta argia. Gainera, atmosferak munduan zehar beroa banatzen laguntzen du eta gauean, estalki baten antzera, beroak ihes egitea moteltzen du.

Lurraren atmosfera eta eremu magnetikoa oraindik bete-betean ulertzen ez diren diseinu liluragarriak dira. Planeta honetan bizitza izatea posible egiten duten zikloei buruz ere berdina esan dezakegu.

Halabeharrez ote da gure planeta bi babeski dinamikok babestea?

Bizitza izateko naturaren zikloak

Herri bat aire eta ur garbirik gabe geldituko balitz eta isurbideak tapatuko balira, laster gaixotasunak eta heriotzak joko lukete. Baina, gure planetak bere burua hornitzen du. Esaterako, jatetxeetan jana eta beste gauzak kanpotik ekarri eta zaborrak kanpora ateratzen dira. Lurrean, ordea, ezinbestekoak ditugun aire garbia eta ura ez dira kanpoko espaziotik ekartzen eta hondakinak ez dira kanpora jaurtitzen. Nola mantentzen da Lurra osasuntsu eta bizitzarako baldintza egokiekin? Erantzuna naturaren zikloetan dugu. Ura, karbono, oxigeno eta nitrogenoaren zikloak modu erraz batean adierazten dira ondoren.

Uraren zikloa: Ura ezinbestekoa da bizitza izateko. Urik gabe egun gutxi batzuk soilik bizi gaitezke. Uraren zikloak ur garbi eta freskoa banatzen du planeta osoan zehar. Hiru etapatan gertatzen da. 1) Eguzkiaren beroak ura lurruntzen du atmosferara igoaraziz. 2) Ur garbi honen kondentsazioak hodeiak sortzen ditu. 3) Hodeiek, berriz, euria, kazkabarra, elurbustia edo elurra sortzen dute. Hauek lurzorura erortzen dira eta, berriz ere lurruntzean, zikloa osatzen da. Zenbat ur birziklatzen da urtean? Kalkuluen arabera, lurrazala 80 zentimetro estaltzeko adina.4

Karbonoaren eta oxigenoaren zikloak: Jakina denez, bizitzeko arnastea beharrezkoa da, hau da, oxigenoa hartu eta karbono dioxidoa botatzea. Milioika gizaki eta animaliak egiten dute hori. Nola liteke, orduan, gure atmosfera oxigenorik gabe ez gelditzea eta karbono dioxidoak gainezka ez egitea? Gakoa oxigenoaren zikloan dago. 1) Fotosintesia deritzon prozesu harrigarriaren bidez, karbohidrato eta oxigenoa ekoizten dute landareek, guk botatzen dugun karbono dioxidoa eta eguzki-izpiak erabiliz. 2) Oxigenoa arnasten dugunean zikloa osatzen dugu. Karbohidrato eta oxigenoaren ekoizpen hau modu garbi, eraginkor eta isilean egiten da.

Nitrogenoaren zikloa: Lurrean bizitza egon dadin, beharrezkoa da molekula organikoen ekoizpena, esate baterako, proteinen ekoizpena. 1) Molekula horiek ekoizteko, nitrogenoa behar da. Zorionez, atmosferaren %78⁠a gas honek osatzen du. Tximistek eta bakterioek, landareek xurgatu ditzaketen konposatuetan bihurtzen dute nitrogenoa. 2) Ondoren, landareek konposatu hauek bereganatu egiten dituzte molekula organiko moduan. Honela, landare horiek jaten dituzten animaliek nitrogenoa bereganatzen dute. 3) Azkenik, landare eta animaliak hiltzean, euren barruan dauden konposatu nitrogenodunak bakterioek deskonposatu egiten dituzte. Usteltze-prozesu honek, nitrogenoa lur-zorura eta atmosferara itzularazten du, honela, zikloa osatuz.

Birziklatze paregabea!

Gizakiek, nahiz eta punta-puntako teknologia izan, urtero birziklatu ezin daitezkeen tonaka hondakin toxiko sortzen dituzte. Lurrak, berriz, sortzen dituen hondakin guztiak modu paregabean birziklatzen ditu, prozesu kimiko bitxiak erabiliz.

Nola uste duzu sortu zela Lurraren birziklatze-sistema? «Lurraren ekosistemak halabeharrez eboluzionatu izan balu, ez zen posible izango ingurugiroak hain oreka perfektua izatea» dio M. A. Corey erlijio- eta zientzia-idazleak.5 Bat al zatoz bere ondorioarekin?