Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Itzuliko al gara inoiz normaltasunera? Nola lagundu gaitzake Bibliak pandemiak sortutako egoera berri honetan?

Itzuliko al gara inoiz normaltasunera? Nola lagundu gaitzake Bibliak pandemiak sortutako egoera berri honetan?

 «Guztiok nahi dugu normaltasuna berreskuratu» (Angela Merkel, Alemaniako kantzilerra).

 COVID-19 pandemiak mundu osoan zehar eragina izaten jarraitzen duenez, agian zuk ere gauza bera pentsatzen duzu. Baina, zer espero du jendeak «normaltasuna» berreskuratu nahi duela esaten duenean?

  •   Pandemia aurreko bizimodua berreskuratzea. Batzuek besteekin denbora gehiago pasatzea nahiko lukete, besarkatuz eta eskua estutuz. Berriro bidaiatzeko aukera izatea ere gustatuko litzaieke. Anthony Fauci a medikuaren arabera, batzuentzat normaltasun puntu batera bueltatzea jatetxe, antzoki eta antzeko lekuetara itzultzearekin lotuta dago.

  •   Bizimodua hobetzea. Batzuek «normaltasun berri» hau gauzak hobetzeko aukera bat bezala ikusten dute. Batzuentzat aldatu beharreko gauzak daude: denbora eta energia gehiegi eskatzen duten lanak, desberdintasun sozialak eta gaixotasun mentalen areagotzea, besteak beste. Klaus Schwab, Munduko Ekonomia Foroaren fundatzailearen arabera, pandemiak mundua nolakoa izatea nahi dugun imajinatzeko eta aldaketak egiteko aukera bat eman digu.

 Baina pandemiak pertsona batzuk hain gogor jo dituenez, askok inoiz ez direla normaltasunera bueltatuko pentsatzen dute. Adibidez, pertsona askok euren lana, etxea, osasuna, edota okerrago oraindik, maite dituzten senide eta lagunak galdu dituzte.

 Noski, inork ezin du iragarri nolakoa izango den mundua pandemia ondoren (Kohelet 9:11). Hala ere, Bibliak etorkizunari buruz ikuspuntu errealista izaten eta arazoei aurre egiten lagundu gaitzake. Are gehiago, Bibliak agian espero ez duzun etorkizun ziur bati buruz hitz egiten du.

Bibliak COVID-19 pandemiari buruz ikuspuntu zuzena izaten laguntzen digu

 Bibliak «izurrite» edo gaixotasunak nonahi zabalduko zirela aurresan zuen aspaldi. Hau Bibliak «munduaren azkena» deritzon garaian gertatuko zen (Lukas 21:11; Mateo 24:3). Bibliako profezia honek gerrak, lurrikarak eta goseteak egongo zirela ere aurresan zuen. COVID-19 pandemian pentsatzean, profezia honen parte dela ikusten dugu.

 Nola laguntzen digu hau jakiteak? Nahiz eta pandemiaren egoerak hobera egin, Bibliak «une latzak» izango ziren garaian bizi garela ohartarazten digu (2 Timoteori 3:1). Hau jakiteak bizitzaz espero dugunari buruz ikuspuntu errealista izaten laguntzen digu.

 Gaur egun, inoiz baino erronka gehiagori egin behar diogu aurre. Baina laster munduaren egoera erabat aldatuko dela ziurtatzen digu Bibliak. Zer-nolako aldaketa izango da hau?

Pandemia ondorengo etorkizun paregabea

 Bibliak gaur egungo arazoak gertatuko zirela aurresateaz gain, egoerak hobera egingo duela ere aurresaten du. Promesten duen etorkizuna gobernuek lortu dezaketena baino askoz hobea da eta Jainkoari esker bakarrik izango da hau posible. «Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik» (Apokalipsia 21:4).

 Jehobak b honakoa promesten du: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut» (Apokalipsia 21:5). Berak munduko arazo guztiak konponduko ditu, baita pandemiak areagotu dituenak ere. Hurrengoa lortuko du:

  •   Osasun fisiko eta mental perfektua izango dugu, gaixotasun eta heriotzarik gabe (Isaias 25:8; 33:24).

  •   Benetan zoriontsu egingo gaituen lana izango dugu. Ez dugu denbora gehiegi kentzen digun edo estresarengatik leher eginda uzten gaituen lanik izango (Isaias 65:22, 23).

  •   Pobrezia eta goseteak betirako desagertuko dira (72. Salmoa 12, 13; 145. Salmoa 16).

  •   Trauma emozional guztiak sendatuko dira eta hil diren senide eta lagun maiteak berriro biziko dira (Isaias 65:17; Eginak 24:15).

 Nola laguntzen digu hau jakiteak? Bibliak honakoa dio: «Itxaropen hau geure bizitzaren aingura tinko eta segurua dugu» (Hebrearrei 6:19). Itxaropen honek eguneroko arazoei aurre egiten, antsietatea murrizten eta oreka emozionala mantentzen laguntzen digu.

 Baina, nola egon gaitezke ziur Bibliak promesten duena beteko dela? Erantzuna jakiteko, irakurri La Biblia tiene la verdad edo La Bible : une source de vérités fiable artikulua.

Pandemiak eragindako aldaketei aurre egiten lagunduko diguten biblia-printzipioak

  •   Zure bizitza babestu

     Biblia-aipua: «Zuhurtzia hobea, biziarazi egiten baitu bere jabea» (Kohelet 7:12).

     Irakaspena: Ezagutu ezazu bizi zaren tokian zenbateko arriskua dagoen. Kontuan hartu osasun-jarraibideak, kutsatze-tasa eta txertaturik dagoen biztanleriaren ehunekoa.

  •   Arretaz ibili

     Biblia-aipua: «Zuhurra gaizkiaren beldur da eta ihes egiten dio, zentzugabeak aurrera egiten ziurtasun osoz» (Esaera Zaharrak 14:16).

     Irakaspena: Zure esku dagoena egin ezazu zure osasuna babesteko. Adituen arabera, koronabirusak gure artean denbora luzez egoten jarraituko du.

  •   Informazio fidagarrian oinarritu

     Biblia-aipua: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak» (Esaera Zaharrak 14:15).

     Irakaspena: Arretaz aukeratu jarraituko dituzun aholkuak. Aukeratzen duzunak garrantzi handia du. Informazio faltsuan oinarritzen bazara, zure osasuna kaltetu dezakezu.

  •   Jarrera positiboa mantendu

     Biblia-aipua: «Ez galdegin zergatik ote ziren hobeak aldi joanak oraingoak baino. Zuhurrak ez luke horrelako galderarik egingo» (Kohelet 7:10).

     Irakaspena: Orain bizitzen ari zaren egoerari hoberena ateratzen saiatu. Pandemia aurreko garaia nostalgiaz gogoratzea saihestu. Pandemiaren ondorioz egin ezin izan dituzun gauzetan pentsatzeari utzi.

  •   Besteei errespetua erakutsi

     Biblia-aipua: «Errespetatu guztiak» (1 Pedro 2:17).

     Irakaspena: Jendeak modu desberdinean erantzun du pandemiaren aurrean. Errespetatu besteen iritziak, baina tinko eutsi hartu dituzun erabaki onei. Gogoan hartu txertaturik ez daudenak, edadetuak eta osasun arazo larriak dituztenak.

  •   Pazientzia izan

     Biblia-aipua: «Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da» (1 Korintoarrei 13:4).

     Irakaspena: Batzuei urduritasuna eragiten die lehen normaltasunez egiten zituzten gauzak egitea. Beraz, atsegina izaten saiatu. Egoerak hobera egiten duen heinean, gauza gehiago egin ahal izango dituzu. Horregatik, pazientzia izan.

Biblia jende askori pandemiari aurre egiten laguntzen ari da

 Bibliak etorkizun zoragarria promesten du. Promes honek Jehobaren lekukoei kontsolamendua ematen die eta pandemian arreta gehiegirik ez jartzen ere laguntzen die. Gainera, Lekukoek Bibliak Jainkoa adoratzeko maiz biltzeko agindua jarraitzen dutenean, elkarri laguntzen diote (Hebrearrei 10:24, 25). Pertsona guztiak ongietorriak dira Jehobaren lekukoen bileretara. Pandemian zehar bilera hauek bideodeiez egiten ari dira.

 Batzuei Jehobaren lekukoen bileretan egoteak asko lagundu die une zail hauetan. Adibidez, birusarekin kutsatu zen emakume baten bizipena dugu. Emakume honek Jehobaren lekukoen bileretara birtualki konektatzeko gonbidapena onartu zuen. Nahiz eta birusaren ondorioz osasun arazoak izan, bilera hauek emozionalki lagundu diote. Berak honela dio: «Familia honen parte naizela sentitzen dut. Biblia irakurtzeak bakea eta lasaitasuna ematen dit. Nire arazoetan pentsatu ordez, etorkizuneko esperantzan arreta jartzen laguntzen dit. Eskerrik asko Jainkoarengana hurbiltzen laguntzeagatik. Hau beti lortu nahi izan dudan zerbait da».

a Ameriketako Estatu Batuetako Alergien eta Gaixotasun Infekziosoen Institutu Nazionaleko (NIAID) zuzendaria.

b Bibliaren arabera, Jehoba da Jainkoaren izena. Informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 4. ikasgaia: Nor da Jainkoa?